Oñatik eta beste 60 udalek hartuko dute parte ostiralean hasiko den Bertatik Bertara kanpainan

2020/06/17
Card image cap
UEMArekin elkalanean egingo da “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzen dituen kanpaina

  Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazi eta herritarrak zein bisitariak kontzientziatzeko ekimena da Bertatik Bertara kanpaina. Etzi, ostiralean hasiko da baina aurrez, UEMA, informazio saioak ematen ari da kanpainan parte hartuko duten herrietako ostalari, merkatari eta zerbitzu sektoreko gainerako eragileei zuzenduta. Lehen saioak atzo egin ziren eta azkenak bihar izango dira, 10:00tan eta 17:00tan. Online egiten ari diren saio hauetan kanpainaren nondik norakoak eta asmoak azaltzen zaizkie ostalari eta merkatariei eta eskura izango duten materiala erakusten  zaie.

  Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako 61 udalek hartuko dute parte Bertatik Bertara kanpainan, tartean Oñatik. UEMAk aurkeztutako ekimenarekin bat egin dute guztiek, eta datorren astean jasoko dituzte taberna, jatetxe, denda, ostatu eta oro har zerbitzu sektorerako prestatutako kartelak, mahai-gainekoak eta gainerakoak.

  Kanpaina hainbat hilabetez luzatuko da. Hasieran, udaren atarian, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduko ditu kanpainak, euskararen erabileratik hasita. Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da kanpaina, tokian tokiko produktuak eta ekonomia sozial eraldatzailea nola lagundu daitezkeen hausnartu eta lanerako ildo berriak abiarazteko.

  Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du aurten batetik bestera bidaiatu eta atseden egunak antolatzeko moduak. Gure hurbileneko bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, UEMAk, udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin, udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren herritarrei eta bisitariei erakusteko. Udalerri euskaldunetan bertako hizkuntza eta bertako produktuak nabarmendu nahi ditu Bertatik Bertara ekimenak, garapen ekonomikoa sustatzeko bitarteko garrantzitsuak izan daitezkeela ikusaraztearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!